1941
post-template-default,single,single-post,postid-1941,single-format-standard,stockholm-core-1.2.1,select-theme-ver-5.2.1,ajax_fade,page_not_loaded,menu-animation-underline-bottom,header_top_hide_on_mobile,wpb-js-composer js-comp-ver-6.2.0,vc_responsive

Armairutik irtetea

Ostikoka nabil kanporuntz,

atea ireki nahian.

Ostikoka nabil kanporuntz,

munduak ni ikus nazan.

Barruko hoztasunetik ihes,

egon nahiko nuke besteen besoetan babes.

Baina ezin dut,

indarrak faltan ditut.

Inork lagunduko zain pasa ditut gauak, egunak, orduak…

Niregandik urruti,

nor naizen ez jakinik.

Azkenean ikusi dut argia,

aurpegia goxo laztantzen didana.

Azkenean ikusi dut argia,

nire barne barnetik sortzen dena.

Argi ikusi dut orduan,

ez da bultza kontua.

Atea irekitzeko,

so egin behar dut barrura.

Bertan nor dagoen jakin,

eta salto mundura.

Naizena izateko,

orain heldu da ordua

 

Askotan entzun izan dugu “hoberena da armairutik kanpo egotea, ikusgarria izatea”. Halere LGTBI+ pertsona askorentzat, zaila da pausu hau ematea eta gure inguruan hau aldarrikatzea, benetan nor eta nolakoak garenadieraztea. Beldurrak, indar handia hartzen du horrelakoetan. Norbera dena onartzeko beldurra, familia edo lagunartean onartua ez izatearen beldurra, lantokitik kaleratua izatearen beldurra, kaletik joanda hitz itsusiak entzun behar izatearen beldurra, edota bakarkadearen beldurra. Armairutik kanpo egoteak, ikusgarritasuna dakarrelako eta kasu batzuetan honen kudeaketa zaila suertatu daitekeelako norbanakoarentzat, leku edota momentu desberdinetan.

Halere, sozialki ikusgarritasuna lagungarria dela ikusita eta beldur hauekin apurtzeko asmoz, 1988az geroztik, urriaren 11ro “Armairutik ateratzeko eguna” ospatzen da, mundu mailan. LGTBI+ pertsonak gizarteko esparru guztietan gaudela erakusteko eta aldarrikatzeko eguna, hain zuzen ere. Hori baita gizarte gisa dugun erronka handienetariko bat: LGTBI+ pertsonak edonon eta edonola gaudela adieraztea. Okindegian gaude, irakasle gara eta parkean kirola egiten dugun zure auzokideak gara eta zuk bezala ametsak, desirak eta zailtasunak ditugu, bizitza honetan.

“Lo que no se ve, no existe” esamoldearekin amaitzeko, ikusgarritasuna oso garrantzitsua iruditzen zaigu, izan bagarelako eta egon bagaudelako. Halere, zoritxarrez oraindik LGTBI+ kolektiboarenganako ezjakintasun handia dago eta horrek klitxeak ekar ditzake armairutik ateratze hori gehiago zailduz askotan. Horregatik, eta gaurkoan armairutik ateratzeko hautua egingo badugu ere, oso garrantzitsua iruditzen zaigu, norberak bere erritmoak errespetatzea, barnera begiratzea eta prest dagoenen, gurekin batera kanpora salto egitera.

Hurbileko erreferenteak behar ditugulako, guztion artean ikusgarritasun anitza egingo dugulako!