Apirilak 26: Ikusgarritasun Lesbikoaren Eguna
Nor zarete?
Areta, Noelia eta Ailen gara eta elkarrekin A Panadaría antzerki konpainia eratzen dugu. 2013an sortu genuen A Panadaría eta ordutik antzerki feminista eta kritikoa oratzen dugu humoretik. Oraintxe bertan gure hirugarren ikuskizunaren laugarren gira urtean gaude, Elisa eta Marcela antzezlana hain zuzen.
Nolatan animatu zineten Elisa y Marcela antzezlana egitera? Nola ezagutu zenuten haien istorioa?
Elisa eta Mareclaren istorioa haiei buruzko ikuskizuna egitea erabaki baino urte batzuk lehenago ezagutu genuen interneten. Emakume galego erreferenteak bilatzen, garaiko notizien artean (1901) “gizonik gabeko ezkontza” albistea aurkitu genuen. Ikaragarri gustatu zitzaigun ezagutzen ez genuen istorio hau , baina ez genekien gehiegi beraietaz. Gena Baamonde, Elisa eta Marcela antzezlanaren zuzendaria izan zen beneta ikuskizuna egitera bultzatu gintuena, izan ere, bere iritziz momentu hartan, 2016ean, sinesgaitza iruditzen zitzaion oraindik inork Elisa eta Marcelaren istorioa antzerkian, zineman edota telebistan kontatu ez izana. Ez zuen ulertzen nola mundu osoan LGTBIQ+ koletiboarentzat erreferente diren bi emakume ezagunak ziren Galizan. Hortaz, antzerkian istorio hau kontatzea beharrezkoa zela sentitu genuen eta gainera, humoretik egin nahi genuen; ikuspegi positibo batetatik eta noski, feminismotik.
Ze erantzun izaten ari dituzte zuen aktuazioek?
Publikoaren erantzuna kristona izaten ari da. 2017aren urriaren 14ean estrenatu genuen, eta egun horretan bertan, obra amaitzean emakume lesbiana batzuk gerturatu ziren guregana eta haiek ordezkatuak sentitzen ziren istorio bat kontatzea eskertu ziguten. Emakume lesbianak ikusgarri diren antzerki obrarik ia ez dagoela esaten ziguten eta honetaz gain, ikuspegi positibobatetik, non maitasuna eta desira ikusgarri ziren, egitea eskertzen ziguten. Eszena batean kamasutra lesbikoa egiten dugu (arroparekin), eta gertatu izan zaigu hori egiten ari ginela, pertsona batzuk minduta sentitu direla eta antzerkitik irten direla. Honek argi adierazten du oso beharrezkoa dela lesbianek desira sentitzen dugula ikustaraztea, izan ere, pelikuletako edota antzerkietako desira herterosexualak ez du inor mintzen. Laburbilduz, publikoaren harrerarekin oso pozik gaude, bai antzerkitik ateratzen garenean, sare sozialetan eta jaso ditugun antzerki kritika itzelekin ere.
Sexu askatasunari dagokionez, zer uste duzue aldatu dela Elisa eta Marcelaren garaitik hona? Ze gauza zeuden lehen hobe (baldin bazeuden) eta zeintzuk behar da aldatzen jarraitu?
Askotan askatasunei dagokienez iragana okerragoa izan zela pentsatzen dugu, eta hiriak progresuaren ikur direla. Baina hau estafa bat da. Elisa eta Marcelaren garaian ohikoa zen trabestismo funtzionala praktikatzea emakumeen artean, maskulinoak ziren espazioetara joateko, hori egin zuen Elisak Marcelarekin ezkontzeko. Elisa eta Marcela 1800 amaieran Galiza ruralean elkarrekin bizi izan ziren bi irakasle gogoratzen jarraitzeak, eta haiek erreferentetzat izateak, iragana edo pasatako garaiak ez dutela zertan okerragoak izan behar erakusten digu.
Hala ere, Elisa eta Marcelarena bezelako istorioei esker eta kolektibo askoren lanari esker eskubideei dagokionez 1901etik asko aurreratu dugula deritzogu. Egun adibidez, ezkon gaitezke (modu zibilean, hori bai), baina erregistro zibilera baldin bagoaz gure jaio berri batekin, bi baldintza diskriminatzaile ezartzen zaizkigu: ezkonduak egon behar gara eta jaio berria lagundutako ugalketa-teknikaren bidez jaioa izan dela dioen dokumentu bat erakutsi behar dugu.
Hori ez da gertatzen bikote heterosexualekin; beraz, oraindik ere indarkeria instituzional handia jasaten dugu. Oraindik ere beharrezkoa da aniztasun afektibo-sexuala aldarrikatzea eta eskubideak aldarrikatzea. Gaur egun, LGTB pertsonek bullyinga, jazarpena eta erasoak jasaten jarraitzen dugu, eta suizidio saiakeren kopuruak handiagoak dira pertsona heteronormatiboenak baino. Ikerketa baten arabera, emakume lesbianen % 75ek isilpean gordetzen dute beren sexu-orientazioa lan ingurunean. Bide luzea dago egiteko, ez da nahikoa aniztasuna onartzea, aldarrikatu eta ospatu egin behar da.
Zuen ustez, garrantzitsua al da ikuspen lesbikoaren eguna? Zergatik?
Jakina, garrantzitsua eta beharrezkoa da historikoki ikusezin bihurtu diren lesbianen istorioak berreskuratzea eta «lesbiana» hitza normalizatzea, oraindik ere pertsona askok ahopeka esaten jarraitzen baitute. Ez dugu sekretua edo tabua izan nahi.
Guretzat oso hunkigarria da institutuetan funtzioak egitea eta hainbeste ikasleri istorio hau kontatzeagatik eskerrak ematea eta esatea antzekotasunak ikusten dituztela Elisa eta Marcelaren istorioaren eta gaur egun neskei gertatzen zaienaren artean. Zineman, telebistan, antzerkian edo liburuetan elkar maite duten emakumeen erreferenteak ikusarazi behar ditugu, askok geure burua irudikatuta ikus dezagun eta ez dezagun uste gertatzen zaiguna lotsagarria denik.
Zuen ustez, zer gehiago egin daiteke emakumeen arteko harremanak ikusarazteko?
Ikusarazi, ikusarazi eta ikusarazi. Antzerkian, telebistan eta berbenetan. Lesbiana bazara eta ahal baduzu, ikusarazi besteei laguntzeko, batez ere egoera ahulenean daudenei. Lesbiana izan ala ez, bollo gaia lantzen duten ekitaldietara joan, eta LGTBI + ekimenak eta ekimen feministak babestu, trans pertsonak, emakume lesbianak edo bisexualak eta aniztasun funtzionala duten pertsonak eta arrazalizatuak barnebiltzen dizutenak.
Bitxikeria gisa, lesbianen inguruan dauden mito-timo zein nabarmenduko zenuke? Zergatik?
Buf, asko dira. Lesbianismoa etapa bat besterik ez dela, emakumeen bikoteetan batek «gizonarena» egiten duela eta beste batek «emakumearena» egiten duela, inoiz ez dugula p**** on bat probatu edo beti katu bat dugula maskotatzat. Beatriz Gimenok La construcción de la lesbiana perversa lanean argudiatzen duen bezala, jomuga erraza gara. Ez gara desiragarriak, gizon zisen txiringitoa desmuntatzen dugulako, ez ditugulako desiratzen.
Iruñera zatozte laster zuen obrarekin. Noiz eta non?
Datorren ostegunean, apirilaren 29an, 19: 00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan (San Agustin 5, Iruña) izango gara Elisa eta Marcelarekin, hortaz, bertan izango gara zain Elisa eta Marcelaren ezkontza ospatzeko.
Gehitu nahi duzuen beste zerbait…
Sarrera librea dela edukiera bete arte, aldez aurretik leihatilan gonbidapena hartuta emanaldiaren eguneko 17: 30etik aurrera.