Irailak 23: Ikusgarritasun Bisexualaren Eguna
Irailaren 23a ikusgarritasun bisexualaren eguna da, egutegiko egun berezia bi sexuenganako erakargarpena sentitzen dugun pertsonak ikusarazteko. Desioaren orientazio hau ikusarazten jarraitu behar dugu oraindik ere, are gehiago gaur bezalako egunetan; izan ere, pertsona bisexualak oraindik ere ikusezin eta estereotipatuak izaten jarraitzen dugu. Horretarako, komunitate bisexualak bere bandera propioa du, 1998an Michael Paigek sortua eta hiru kolorez osatua: magenta, labanda eta urdina, homosexualitateari, heterosexualitateari eta bi orientazioen konbinazioari erreferentzia eginez.
Lehen Bisexualitatearen Eguna Wendy Curry, Michael Page eta Gigi Raven ekintzaile Estatu Batuarrek bultzatu zuten eta 1999ko irailak 23an ospatu zen, Johannesburgon Lesbiana eta Gay Elkartearen Nazioarteko Konferentzian onartua izan ondoren.
Askotan ikusten dugu orientazio horren existentzia ukatzen dela «heterokuriosoa da» bezalako esamoldeen bidez, bisexualitatearen aukera alboratuz eta horrela desioaren orientazioa homosexualitatearen eta heterosexualitatearen arteko binarismora mugatuz. Gainera, askotan uste da bi sexuetako pertsonenganako erakarpena senti dezakegun pertsonok jakin-minagatik edo, nolanahi ere, bizioagatik egiten dugula. Zenbatetan entzun ditugu «zenbat bizio duen» edo «honi dena gustatzen zaio» bezalako esamoldeak pertsona bisexual bati buruz hitz egiteko?
Baina zergatik da biziosoagoa bi sexuetako pertsonekin sexu-harremanak dituen pertsona bat, sexu bereko edo beste sexuko pertsonekin harreman sexualak dituen pertsona bat baino? Eta dena gustatzen zaigula esaten denean… Akaso bisexualoi gizon eta emakume guztiak gustatzen zaizkigu? Bururatuko litzaiguke pentsatzea emakume heterosexual bat gizon guztiek erakartzen dutela, edo emakume lesbiana bat emakume guztiek? Ez, argi eta garbi, pertsona bisexualok gizon eta emakume batzuek erakartzen gaituzte gure bizitzan zehar, eta, era askotara; izan ere, baliteke pertsona bisexual bat pertsona askok erakartzea bere biografian zehar, edo gutxi batzuek erakartzea. Bisexualitatearen bizipenak pertsona bisexualak bezainbeste dira, nahiz eta gure artean etiketa eta bi sexuekiko desio erotikoa partekatzen ditugun.
Bisexualitatearekin lotzen den beste uste bat da pertsona heldugabeak edo zalantzatiak garela, zer nahi dugun ez dakigunak, eta, horregatik, ez garela gai homosexualitatearen edo heterosexualitatearen balantzan erabakitzeko. Freudek, adibidez, bisexualitatea «sexu-desberdintze» edo «hermafroditismo» gisa ulertu zuen, eta erakarpenari buruz hitz eginez, pertsona guztiak objektu sexualen arteko bereizketarik gabe (bisexualak) jaiotzen garela defendatu zuen, eta hazten garenean objektu bat aukeratzen amaitzen dugula. Bere ustez, giza izaera bisexuala zen, baina ezin zuten heldu modernoek praktikatu, giza aurrerapenak aukera egitera garamatzalako; umeekin, heldutasun ezarekin eta aukeratzeko gaitasunik ezarekin lotuz.
Kinsey-k, aldiz, ondorioztatu zuen bisexualitatea homosexualitatearen eta heterosexualitatearen bi mutur ‘puruak’ konbinatuz eraikitzen zela, eta, beraz, ‘pertsona guztiak bisexualak garela’, baina ez modu ‘garbian’, baizik eta orientazioaren continuum baten hainbat puntutan aurkitzen garela, non lauki estankorik ez dagoen eta desiatzeko modua jarraitua den.
Sexualitatea prozesu aldakor bat da gure bizi-prozesuan, eta orientazioa ere ez da estankoa, eboluzionatzen joan daiteke gure biografian zehar, eta gure bizitzako fase desberdinetan sexu bateko edo besteko pertsonengatik desio handiagoa edo txikiagoa sentitzen ahal dugularik. Are gehiago, zentzu batean edo bestean ditugun jokabideek ez dute zertan gure orientazioa markatu behar edo zalantzan jarri identifikatuago edo erosoago sentiarazten gaituen etiketa.
Azken finean, etiketak baliozkoak dira elkar ulertzen eta azaltzen laguntzen badigute, baina balio diezagukete, edo ez. Aniztasunaren mundu zabal eta aberatsean non kokatzen zaren ulertzeko modu batean edo bestean deitzea lagungarri bazaizu, aurrera. Bakoitzak badaki zein etiketarekin sentitzen den identifikatuago edo ez duen batekin ere identifikatu nahi. Benetan garrantzitsua dena da norbera aske eta eroso sentitzea garen izaki bakar eta errepikaezin gisa sentitu, desiratu, adierazi eta gozatzeko.