Familia anitzak: Haurdunenganako eskubideen urraketa
Post hau idazteko informazio bila NASTAT, Nafarroako estatistika erakundearen 2018 ugalkortasunari buruzko inkesta topatu dugu. Bertan jasotzen diren datuez haratago, interesgarri eta esanguratsuak dira informazioa jasotzeko erabili diren irizpideak. Inkestaren ataletako batek 3 urtetako epean ama izateko erabakia hartzeko eman beharko liratekeen baldintzak galdetu eta aipatuenak hauek izan dira: egoera ekonomikoarekin bateragarritasuna, epe luzerako bizitza-planekin bateragarria izatea, zaintzarako malgutasuna izatea, etxebizitza egokia izatea… Izan ere, guraso izatearen erabakia ez da erreza, baina are zailagoa da ama izan daitekeen bi pertsonez osatutako bikoteentzat oztopo legal eta burokratikoek bidea zailtzen baitute.
Ematen diren arazoetan sartu aurretik filiazio loturak juridikoki zer esan nahi duen azaltzea komenigarria da.
Legeak dioenaren arabera filiazioa gurasoekin lotzen gaituen lotura juridikoa da. Lotura honen ondorioz sendiarekiko eskubide eta betebeharrak ezartzen dira. Gaur egun indarrean dauden arauek bi filiazio mota onartzen dituzte: naturala, hau da, biologikoki aitarekiko eta amarekiko lotura agertzen duena eta adopziozkoa.
Bigarren hau “juridikoki eraikia” da eta epaileek berretsi behar dute. Hala eta guztiz ere gaur egun gizarte eta zientziaren aurrerapausoak direla eta hirugarren filiazio lotura bat ezarri daitekeela esan dezakegu. Lotura honek aurretik esandakoekin ezaugarriak konpartitzen baditu ere ez dator guztiz bat ez bata eta ez bestearekin. Jaio berriak hirugarren pertsona baten -emailearen- informazio genetikoa izango du, bikotekide batek sabelean haziko du eta bi hauen gainetik, gure iritziz, tratamendua jasotzeko onespena du. Erabaki hau aurretik eta konszienteki hartua da, amatasun guztiz erreflexionatua, erabakiak izango dituen ondorioak sobera ezaguturik,
Bizitzako beste alor guztietan bezalaxe gatazkak sor daitezke filiazioa determinatzeko garaian, gurasoetako batek jaioberriarekiko harremana onartu nahi ez duenean kasu. Egoera hauek aurreikusiz Kode Zibilak presuntzio eta berme sistema bat ezartzen du. Detaile handiz jasotzen dira gerta daitezkeen egoera ezberdinak. Hori zertarako galde genezake; haurren eskubideak bermatu eta gurasoen eginbehar eta eskubideak bermatu eta urratuak izan ez daitezen. Tamalez, artikuloko gai diren amatasunak kode zibiliean agertzen direnen arten tokirik topatzen ez dutenez, beste lege batzuetara jo behar dugu arazoen aurrean erantzunak aurkitzeko.
Bi emakumek osatutako bikoteen kasuan giza ugalketaren inguruko maiatzaren 26ko 14/2006 legeak bere 7.3 artikuluan esaten duenaren arabera, emakumeak ezkonduta daudenean umea hazi ez duen emakumeak bere onespena eman dezake bere amatasuna erregistro zibilean jaso dadin.
Amak ezkondurik daudenean baino ez da posible, hortaz, ezkontza nahitanahiez bete beharreko baldintza bat da.
Bikote heterosexualei ezartzen ez zaien betebehar hori argi eta garbi diskriminatzailea da.
Lagundutako giza ugalketaren legea parlamentuan tramitatzen ari zela asko izan ziren ezarpen honen aurka egin ziren zuzenketa proposamenak. Proposamen hauek bikote homosexual eta heterosexualei ezarritako betebeharrak berdinak izatea zuten eskari. Familia, eta zehatzago, amatasuna ezkontzatik aparteko gauza izatea onartu izan zen arautzen gaituen zuzenbidean aspaldi, zergatik mantendu ezarpen hau bi emakumek osatutako bikoteetan? Asko izan baziren ere honen aurka jaso ziren ahotsak, araudiak berdin dihardu.
Egun aprobatzeke dagoen Trans Legeak eskari hauek jaso eta Kode Zibileko zenbait artikuloren berridazketa jasotzen du. Hauen artean 120.artkuloa aldatu eta bikote ezkongabeei amatasuna arazorik gabe ezartzeko aukera ematen die.
Legea aprobatzen ez den artean, ezkongabe dauden bikoteek adopzioaren bide luze eta gogorra dute aurretik. Hala ere, bi pertsonen arteko harremana hautsi bada, arazobidea izan daiteke. Adopzioa gauzatzen ez den arte haurra hazi ez duen perstonak ez du hezten ari den haurrarekiko inongo eskubiderik.
Amatasunaren errekonozimenduaz aparte beste motatako arazo batzuekin topatzen gara; baliabide eza hain zuzen ere. Lagundutako giza ugalketa tratamendu publikoek seme-alabarik ez duten bikoteentzat bakarrik eskaintzen dira. Hortaz, bigaren seme-alaba bat izan nahi duten bikoteek bere gain hartu behar dute tratamendu hauen ordainketa. Gastu hauei aurre egiteko zailtasunen aurrean bikote askok emaile ezagun batengana jotzea baloratzen dute. Dena den, gogorarazi behar da aitatasuna ukaezina den eskubide eta betebeharra denez gero, pertsona honek bere eskubidea epaitegietan eskatuko balu umea hazi ez duen ama ekuaziotik kanpo geratuko litzatekeela.
Gaur egungo legediak ezartzen dituen filiazio harremanak ez dira nahiko egungo errealitatean sortu daitezkeen familia anitzei berme legala emateko. Sistema honek legetik at uzten ditu gizarteak zein zientziak ahalbidetzen dituen hamaika egoera. Ondorio latzak dakartza honek, epaitegietara jo behar da etxe barruko harremanak onestu eta legalki dagokien tokia emateko. Ezinbesteko eta premiazkoa da familia anitzen ziurtasun juridikoa izatea, gure eskubideak aintzatesten dituen arauak izatea. Argentinan, borroka luze eta gogor baten ondoren, lortu dute filiazio harremanak ezartzeko hirugarren bide bat irekitzea: guraso izateko borondatea lagundutako giza ugalketa teknikak erabili izan direnean.
Ezinbestekoa da errealitate berriak kode zibilean ezarri eta beharrezkoak diren berme eta eta presuntzioak ezartzea amatasuna baimenik eta barkamenik gabe bizitzeko.